Nola borrokatu pelikulako txintxoen kontra

Enviat per ferran el dg., 19/08/2007 - 20:00

Miresgarriena pertsona normal batek Superman ostiatzea litzateke, baina, zer dauka apartekotik superbotereak dituen batek berak baino potentzial gutxiago dituen izakiaren gainetik jartzeak?
Horrez gain, super-heroiek sekula ez dituzte beren botereak erabiltzen gauzak aldatzeko, baizik eta euren interes pertsonal, klasista edo superbizitze hutsagatik mugitzen dira. Norbaiten aurka matxinatzen badira, Status Quo-a mehatxatzen duelako da, eta "Zuzenbide Estatura" itzultzen dute gizartea, estolderietatik sortutako gaiztoa suntsitu ondoren.
Gerra-pelikuletan, amerikar guztiak mutil onak dira, sentimendu sakonak dituzte, senitartekoak maite dituzte, e.a. Bienbitartean, naziak, errusiarrak, edo euren aurka doan edonor, hiltzeko makina ergel, krudel eta sentimendugabea da gutxienez. Goragalea ematen didate hain partzial, propagandistiko eta eskoria inperialista yankien goresleak diren planteamendu hauek.
Western-etan, indioak ere ankerrak dira, sortzez gaiztoak eta sentimendubako odolzaleak. Bitartean, yanki edo espainol konkistatzaile genozidak mutil on puskak, goi-sentimendunak dira eta beren neska domestikatuak maite dituzte. Guzti honengatik, 3 minutu baino gehiago ezin ditut eraman halako zine-generokoak ikusiz, baina, txikitako oroipenak bilduz, arau batzuk botzen ditut, baliagarriak izan litezkeenak egunen batean pelikularen batean gaixto papera egitea tokatzen bazaigu ere:
Ezeren auretik, ondo urrutira jaurti zure garuna eta patata edo harri batez ordezkatu. Oso garrantzitsua da hau, zure pertsonaiak eskatuko dizun oro txuxen bete nahi baduzu.
Hasteko, dohai artistiko oldarkor eta eutsiezinak izan behar dituzu: etsaiaren zilueta bere atzeko paretan marraztu zure balekin ahal duzun guztietan, beragandik bi metrotara bazaude ere.
Granada bat jaurtitzean, babesgabe jarri zaitez eta itxaron ezazu, tirokatu zaitzaten. Horrela bakarrik lortuko duzu zureetako batzuk akatzea, eta suziri polit batzuk ere bai. Beste aldaera bat: jaurti ezazu segurua kendu bezain laister, zintzoek itzuli eta zuri muturrean ematean lortu dezaten.
Motza izan behar duzu erreflexutan. Pistola kateatu behar zaizu zorroan, balarik gabe geratu eta erriflea behin eta berriz kargatzen arituko zara, baionetarekin aurreko yanki txuloputa ergela zulatu gabe. Superheroia inguratu eta armagabetu duzunean, sermoi luze eta aspergarria bota behar diozu, bere burkideren bat etorri eta hark bizkarretik tiro egin arteko denbora emanez. Gorputzez-gorputzeko borrokan, itxaron pazientziaz besteak karrerila har dezan eta bere ukabila begiratu, aurpegian izaten duzun arte.
Eta bukatzeko, onena: oso gaiztoaren aurpegia jarri: gogoratu txikitian euli bati hegoak erauzi zenizkiola eta pegamentu Imediorekin itsatsi zenuela Scalextric-eko Ferrariaren paratxokean.

Ferran Cerdans Serra
Ostiela!, 21.zenbakia, 2001eko udaberria
Jon Arano-ren itzulia