"ez dira moduak", ipuin

Supermerkatu horretan denetik eskatu zidaten, baina ni hamabostaldiko beherapenen bila nindoan soilik, zorionez nere eguneroko jan-neurriarekin koinziditzen zutenak: espagetiak, tomate birrindua eta eltzekariak. Depaso, hori bai, kalitatezko zainzuri batzuk ostuko nituen, parrandarako ere juxtu ematen duen nire soldatarentzat garestiegiak.

Zuzenean joan naiz eskola-materiala atalera, non hiru errotuladorekiko sei joku patrikaratu ditudan, beltzak, berdeak eta urdinak, binaka. Izan ere, bero egin arren, jertsei bati azpiko nikia josia diot, eta poltsa marsupial horretan gordetzen ditut nere bilketak. Aurrerago, kontserben sekzioan, bere zukuan zeuden bi trufa hartu eta hankartean gorde ditut. Hartzeko jartzen dituzte gauzak apaletan, ezta?

Baina segituan konturatu naiz gorri jarri naizela eta dardaraka hasi naiz. Sekula ez naiz gai izan hor erosketak egiteko ezer eraman gabe, kontzientzia lasaitzeko, baina hori gehiegitxokoa izan da. Hortaz, errotuladore beltzen jokua hartu eta bere lekura itzuli dut. Ongi pentsatuta, berdin dio: harrapatzen banaute bost ajola gainean badaramatzat, eta ez banaute harrapatzen merezi zuen denak eramatea, baina ez naiz hausartu berriro lapurtzen.

Superreko pasadizoak jendez betetzen ari ziren bazkalondoan. Mundu guztia manga-motxetan zihoan eta kargamentua eskuratzeko ezinbestekoa zitzaidan jertsei lodiak ziurraski susmagarria izango zen izerdia sortzen zidan. Urduri egonik, nere gaiztakeria aurpegiratuko lidatekeen gaitzespeneko begiradak bilatzen nituen, nihoan eragatik ez balitz, nigan erreparatu ere ez lukeen egingo jende artean. Tranzitu horretan era arraro batean begiratu naute ia denak. Norbaitek ikusi behar ninduelakoan egon naiz, geroz eta argiako izan dut, eta une batean “LAPURRA” zioen afitxea neramala iruditu zait.

Asike, sartu zaidan maltzukeria sentsazioa pixkat arintzearren, behar ez nuen hiru painelu lixatueekiko joku bat hartu dut. Pixka bat hobeto ja, aurreraxeago almendrekiko txokolate tableta bat eta goxoki poltsa bat bota ditut karrora, aberastasun-banaketaren alde egin dudan ekintza konpentsatzearren. Baina dardara, baretu bada ere, hor egon da espreski erostera etorri naizen kiloko hamar espageti pakete, tomate-pote eta lekaleak hartu ditudanean.

Azkenean, kutxa azkarreko ilada motzenera joan naiz, gurditxoen kopurua eta edukina kontrastatu ostean. Izerditan nengoen. Kajerak blusa irekia zeraman. Nere aurrean, galtza-motxetan zegoen bikotea misteriotsuki jiratu da, eta desjiratu ere bai, begirada itzuli diedanean.

Lehen aipatu produktuez gain, esku-linterna bat, destorniladore joku bat, urre-krema tarro bat, natazko pastel bat, lau galtzekin-pare eta zopa kontzentratu mota desberdinak pilatzen ziren nere karruan.

Txanda iristean, azeleratu egin zait izerdia. Hiru emakume begira nituen, doi-doi atzean nuen fruten sekziotik, deskaratuki, eta kajerak, agurtu nauenean, ia-ia pusketetan zatitzen nauen begirada bota dit. Marra-irakurletik dena pasatuta dagoeneko, nere bostmila pezetako biletea eman diot. Trukean zerbait emango zidalakoan nengoen, baina apur lastimagarri batzuk itzuli dizkit, sarkastikoa zirudien barregarri batekin. Apurrak biltzera nindoala, kamuflaturik neramatzan trufak dilin-dalan egin dute mahaiaren kontra. Kajera interfonora zuzendu da, zirt-zart batean, eta botoi bat sakatu du, gauzak ahal nuen bezala poltsaratu eta irteerara korrika ateratzen nintzen bitartean.

Segurata bat zetorren ningana zuzenean, baina pixkanaka, irribarre malizioso-samarrekin hau ere. Pausua azkarrago bota eta heldulekuak indarrarekin estutu ditut ihes egiteko, baina ate parean buelta erdi eman eta paseatzen jarraitu du seguratak.

Hala eta guztiz, korrika batean iritsi naiz etxera. Norbait jarraika nuela susmatzen nuen, alde guztietatik behatzen nindutela. Eta orduan izan da, bainugelan, aurpegian pilatua nuen izerdia kentzea joatean, ispiluan ikusi dut: tipo harritu bat, arropa zintzilikatzeko pintza bat duela buruko ileetan, plastikozko horietakoa, eta gorria gainera.

Beste batzuetan bezala, arropa zabaltzen nuenean pailazoarena egiten aritu, jarrita utzi eta erosketak egitera atera naizenean, berriz, akordatzea ahaztu.

Ferran Cerdans Serra, "No hi ha manera"
Ostiela!, 2000eko negua, 20. zenbakia
Jon Arano-ren itzulia

gènere literari: 
Compartir llibres artesans