azken ordukoa

- Ezagun orain gaur goizean Manresan hasitako polizi-operazio ikusgarriari buruzko azken berriak. Marta Sifasol, arratsaldeon.

- Arratsaldeon. Polizi-operazioa ez da itxi eta lurralde katalandar guztian atxiloketa gehiago izango direla uste da. Izan ere, badirudi herrialde honetako herri eta hiri guztietara hedatua zela sare hau eta, azken informazioen ariora, mila lagunetik gora izango lirateke atxilotuak. Sarekadari gaur eguerdian ekin zaio, janari-denda batean droga kopuru izugarriak saltzen zirela zioen dei anonimo bat polizia jaso ostean. Dirudienez, droga beste salgaiekin batera zegoen mostradorean, eta zenbait bezerok erosgaien arteko beste produktu bat bezala erosten zuten. Gurekin dugu lehen datu hauek zehaztuko dizkigun polizi-komisarioa. Arratsaldeon.

- Arratsaldeon.

- Emango dizkiguzu, berriro diot, izekirik jarraitzen duen operazio honen gaineko xehetasun gehiago?

- Zuk oso ongi esan bezala, tapaderatzat zenbait supermerkatu-kate erabiltzen zuten narkotrafikante-sare bat da. Establezimendu hauetan edozein pertsonak eros zitzakeen, merke eta sekzio berezietan, izurrite galgarria den drogaren dosi mugagabeak, aldaera desberdinetan.
- Hasera batean, ze droga-mota litzateke honokoa?

- Orain arte, supermerkatuen 70%a arakatuta, konfiskatutako sorta guztiak fermentatutako edota destilaturiko edariei dagozkie.

- Jesus! Orduan alkohola litzateke, drogetan arriskutsuenetakoa.

- Halaxe da. Arriskutsuenetako bat, zuzenean edo zeharka, milaka laguni heriotza dakarkiona urtero, eta etxeetako tratu trxarrekin zerikusi estua duena kasurik gehienetan. Ezin dezakegu ahaztu heroinara alkoholaren bidez iristen dela, eta guztiak landatu dezakeela bere etxean edota belar-dendan erosi kanabis mataza ederrik, zeinak erasora ordez baretasunera eraman eta zentzu-pertzepzioak potentziatzen dituen. Alde honetatik, penagarriak dira taldetxo erradikal batzuen adierazpenak, alkoholaren legalizazioa eskatuz eta mariarekin konparatuz; zinismorik handienean eta demagogioa absurduan aritzea da hori.

- Dudik gabe. Nola da posible, bestalde, orain arte ez atzematea benetako “kontrabandoko alkohol-karga publiko” hauek?

- Zenbait polizi-gorputz desberdinen arteko koordinazio faltari zor izan zaio, baina baita ere populazioaren zati baten inmoralitate esplikaezinari ere: kontsumituz ala ez, pozoin hilgarri horren aurrean ezikusiarena egiten zuten. Garbi utzi behar dut, haatik, polizia egunero ahalegintzen dela populaziotik urruntzearren gizarteko zigor hau, hainbat bizitza eta familiaren suntsitzailea dena, eta inolako ezbairik gabe, irabazle aterako garela droga-banatzaile gaizkileekin dugun burrutatik.

- Gaurko eguna oso luzea izan liteke polizi-gorputzentzat, kontutan izanik operazioaren tamaina.

- Bada, bai, eta gainera, konfiskatutako alkohol guztia erraustua izango da gaur gauean bertan, atzeratu gabe, polizi egoitz desberdinetan. Gure gorputzat ez dute atsedenik hartuko azken tanta bukatu arte.

- Eskerrik asko, komisario jauna.

- Zuei.

- Ondo, hau izan da orain arteko dena. Populazio zibilaren artean alarma gorria piztu sarekada honi buruzko berri gehiago dugun bezain pronto emango dizkizuegu. Marta Sifasol, radio 12, Manresa.


Ferran Cerdans Serra, "Avanç especial"
Ostiela!, 2000eko Udazkena, 20. zenbakia
Jon Arano-ren itzulia

gènere literari: 
Compartir llibres artesans