"matxinada alkalinoa", ipuin

Kafeak hatzak erretzen zizkion, plastikozko edalontzia urtzear, eta paper piloaren gainean utzi zuen. Salaz kanpoko pasadizuko makinatik ateratzen zuen bigarrena zen: bazen denbora puska bat taldeko jendearekin ez zegoena gustora, eta pasio horietan unetxo batez haiengandik urruntzea lortzen zuen.
Mahai errektangular baten biran zeuden, ARC-aren (giza garunentzako osagai elektroniko moldagarrien multinazional bat) proiektu berrien sekzioan. Asistente pertsonal berriaren diseinua (egia esan, bere bigarren bertsioa) ajustatzeko xehetasun batzuk besterik ez zitzaien geratzen. Ez zioten lehenengoarekiko inolako prestakuntza garrantzitsurik erantsiko, bereiztuko zituen aldaketa estetiko huts bat besterik ez, oinarrian. Garun-osagarri berri bat baino gehiago, erakusteko aukera, marketina salduko zen
Sal-neurri igoera dezentekoa zuritzeko, gezurti automatikoaren memoria gehitzen zen soilik. Hau, hori bai, ezinbestekoa zen, hasierako ernalditik galeraziezinak izango ziren fartsak egoera ezin-hobean mantentzeko adar-sarean zehar. Horretarako, behar-beharrezkoa zen datu-basearen eguneratze etengabekoa, aldi berean jarrai zitezkeen fabula bakoitzari erreferentzia egingo zion beharrezko guztiarekin. Gezurtero automatiko berriaren kasuan 12 izango ziren, euren gurutzatze estali guztiekin.
Lehen bertsioak, bi urtetako erabateko inmunitate-bermea eskaintzen zuen, erabiltzailea edozein kontradikziotan harrapatzeko ezein saioen aurrean. Berrian beste urte-erdi bat gehituko zen. Denbora gutxi zen, baina marjen bat utzi beharra zegoen, nobedaderen bat hiru urte eskainiko zituen hirugarren bertsiorako.
Mike eseri egin zen, sekzioko zuzendariak TRT-az (lehiakerian bakarrak) hitz eginez ziharduen. Bilerako hastapeneko tentsioa desagertua zen.
- Earrra beste hau ere! Ba al dakizue zer pasa zitzaion Floridako gaztetxo hari, bere TRT dotorearekin? Lan-elkarrizketa batera joan zen. Mutila oso urduri zegoen, kontratazio-burua aspaldiko ezaguna zuen eta ez zuen berataz oroimen onik. Bapatean, lasaitzeko, relax-funtzioa aktibatzen saiatzean, TRT traste hark "solaskidearekiko etsaigoa" detektatzen du, eta erantzun labur eta oldarkorren programa sustatzen du, tonu iraingarrian. Kasu hauetan, erabiltzaileari hitzak ateratzen ez zaizkionean, bere aparatuak hartzen du mandua, gure tresnak bezala. Hala bada, mutikoa kontratatu behar zuena hasi zen iraintzen, datu-basearen errepertorio guztiarekin. Eta kalera botzen zuten bitartean ere erresistitu egiten zen! Gaixoak ezin izan zuen ezer egin, berari zegokion baina "kanpotik ikusi" ahal izan zuen soilik.
Bildutako guztiek barreari eutsi zioten buruzagiak bukatu bitartean. Orduan egin zuten eztanda barre-algarak, eta makina bat atxekimendu gertatu ziren.
- Gehiegizkoak dira, izan ere! Beren moduloak eskuzko-agintezko gezurteroa du. Aktibatu egin behar da gezurra esan edo ongi geratu nahi duzunero, eta horrela, keinua diximulatzeko zailtasunez gain, beti suertatzen da pertsona bizkor batek erraz igarri dezakeen atzerapen bat.
- Automatikoa balitz, programa egokia bixkortuko zitzaiokeen. Nola utzi dezakete gizakiaren eskutan laguntzaile elektronikoek askoz hobeto egiten dutena?
Muturra sartzen saiatu zen Mike, baina inork somatu ez zuen murmurio itzali batean eten zen bere esaldia. Ordura arte eutsiarazi zion indarrak, berehala desegiten ari bazen ere, zutik zirauen, eta horrek galerazi zion. Entzuten jarraitu zuen beraz, desados, segidako hitzartzea prestatzen zuen artean. Geroz eta urrunago sentitzen zen jende harengandik.
- Eta beraien konbertsazio-betetzailea?! Aipu filosofikoak eta literatur datu-baseak eta guzti ditu-eta!
- Baina ze traketsak, jendeak futbola nahi du bakarrik, alineazioak, estadistikak, kirol-berriak orokorrean eta aktualitate politikoari buruzko dialogo-ereduak.
- Beraiena ere satelite-bidezko informatiboren batekin konektatua dago, baina bi orduro aktualizatzen da, eta, gainera, berriak ez doaz zuzenean garunera, baizik eta biltegira eta gero kontsultatu behar dira.
Une hartan ohartu zen erabat amatatu zitzaiola guztiz energia. Ezerk ez zion galerazten ja kontrakotza egitea.
- Ongi, ba guk 10 hildako ditugu ausarkeriaz gidatzeagatik.- Bota zuen tonu alteratu-xamar batean, konbentziturik baina irmotasunik gabe.
Sekzio-buruak, taldeko grazia-ustekoei Mikek barre-iduririk ez ziela egiten ohartua zegoenak, irribarre egiteari laga zion. Taldeko beste kideek edozein lekutara begiratu zuten, elkarri batzu-batzuk.
- Hau da egokitze on batek ematen duen arazoa, arrakastarako. Aldatzen badugu, katramailuaren eraginkortasun sozialak beheraka egingo du.
Esan berri zuen guztia eta gero, eskuzabaltasunez jasango bailuen diximulatuz, erantzun zion.
- Baina, gutxienez, TRTkoek marjen bat ematen dute, erabiltzailea libre senti daiteke mementuren batean.
- Ondotxo dakizu gaur egun, garun-protesirik gabe, inongo lekutan ez zaituztela kontratatzen, eta gure protesiak behintzat hartu zaitzaten laguntzen dizute.
- Baina, zergatik askatasun-falta hau?
- Baina-baina guztiz kontrakoa da-eta!: laguntzaile elektronikoek liberatu egiten gaituzte, horretarako sortu ziren. Gure informazioa eta harreman-gaitasuna handitzen dute, gizaki bezala hobetzeaz gain.
- Bada, nik libre izan nahi dut! Protesiak ez lukete derrigorrezkoak izan beharko, umiliagarria da.
- Ez dira derrigorrezkoak! -mahaia ukabilaz kolpatuz-, jaio-berriei egiten zaien aurre-istalakuntza da soilik behartua, ondorengo konplikazioak eta protesi klandestino akastunak ekiditeko.
- Ya!, eta gero obligaziozko bi marken artean aukeratzea bakarrik faltako da, ze bestela ez lanik aurkitzen duzu ez eta gizartean ez zaituzte ametitzen.
Une hartan, Mike konturatzeke altxatu ziren bi kidek, atzetik heldu zioten beso bakoitzetik. Mike borrokatu egin zen, askatu nahian,
- Utzi nazazue, desgraziatuok!
Trantzitura iristea lortzen bazuen, eraikuntzatik irten eta ihes egin zezakeen, mendietan ezkutatzera. Ideia fantasioso horrek indarrak eman zizkion borrokatzeko, baina segundu batzuetan lurrean zegoen mogiezinik eta norbaitek protesi elektronikoa, laguntzaile pertsonala arakatzen zion. Babesgabe sentitzen zen, biluzik. Laister batean kolpetik baretu zen. Altxatu eta lotsaturik itzuli zen eserlekura, gaineratikoek eurenak okupatzen zituzten bitartean. Errespetua sartzen zioten, eta berari zuzentzen zitzaion buruak gehiago oraindik.
- Ongi, Mike, zure iritzia behar dugu.
Duda-mudik gabe, laguntzaile pertsonalak bere aurpegiko zainen dilatazioa eta hitz-toteltzea galerazten ziola, gogoratzen zenaren laburpen bat errezitatu zien:
- ...Guzti honengatik, ongi deritzot aurkeztu duzuena: gezurti automatikoaren memoria gehitzen dugu, konbertsazio-betetzaileari eginiko oraingotze batzuk sartzen ditugu eta erabakitako programarekin jarraitzen dugu beste guztietarako.
- Ongi, denok bat gatoztenez, amaitutzat ematen dut bilera.
Burua Mikeri begira geratu zen, era esanguratsuan, portatilak itsi eta aulkia atzeraka pirritan zihoan bitartean. Orduan, altxatu eta berarengana hurbildu zen. Mike geldirik geratua zegoen eserlekuan, eta eskubiko esku bizkarrean ezarri zion.
- Mike, segi laguntzailearen zirkuitu printzipala errepasa diezazuten, bateria-aldaketaren berri eman behar nizun, baina. Gaurkoa gure artean geratuko da, baina arazoak izan ditzakezu beste batean.
- Bai jauna, sentitzen dut. Ez da berriro gertatuko.

Ferran Cerdans Serra, "Revolta alcalina"
Ostiela!, 2001eko udaberria, 21. zenbakia
Jon Arano-ren itzulia

gènere literari: 
Compartir llibres artesans